XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) bai baitakit errekako uraren pare dela hura ere, nolakoa zerua, kolore beretsukoa urgaina.

Agintariaren izerdi usain berbera du beti justiziak.

Beste mundutik baletorkit bezala entzun nuen arrotzaren erantzuna:

- Hara, orain ere!

Zer espero duzu, bada?

Zure aurrean belaunika gaitezela eta, bularra joz, aitortzen hasi: eskertzen ditugu, jaun baronet, berorren krimenen hobari paregabeak?

Mandioko sagarren usaina eta usategiko leihotik ihintzak zekartzanak batu eta, airea gozo-gozo bihurtu zen.

Idi nekatuari, berriz, akuilua sartu berri zioten, eta kemen berria erakutsi nahi izan nion:

- Ez, ez dut ezer espero.

Baina zerori ere bazara ni bezain harro, nik laidotu, atxilotu eta hildako guztiak ordezkatzeko gertu bazaude.

Atrebentzia!

- Zu baino harroago... Atrebentzia... -hitzak herrestan mintzatu zen, haien oihartzunak urrutitik, oso urrutitik bailetozen.

- Kuaanto!

Neure izenean mintzatzen ari natzaizu ni, zu nor zaren ere jakin gabe.

Zuk, berriz, justiziaren papera hartu nahi duzu zeure gain.

Zutaz erruki naiteke, esaka: Justizia dama, zer moduz obratzen du berorrek azken bolada honetan? -Sudur-zuloak bi hatzez estalita mintzatu nintzaion, hitzen efektua indartzeko-.

Hesteak nahasixe darabiltzaala?

Banengoen, bada, ni, berorren kirats hori ez zela batere parte onekoa...

Eta arrotzak ezer esaterako, erabakior esan nion, usategitik irtenaz:

- Aski da.

Badirudi estimutan duzula Justizia Damaren esaneko morroi izate hori.